URRETXINDORRA


Txori kantari melankoniatsu honentzako Europako hizkuntza ia guztietako izena bat bera da, bidean eta historian barrena gertatu zaizkien “istriputxoak” eta moldaketak alde batera utzita. Esan nahi baita, gure urretxindorra, espainolezko ruiseñor, frantsesezko rossignol, ingelesezko nightingale edota latinezko luscinia izenak, denak ere, ama batenak direla, nahiz eta aita birenak izan, edo izterlehengusuak, akaso. Kasu guztietan “gau-kantaria” dugu itxura oso ezberdineko izenen azpian dagoena, baita euskarazko urretxindorra forman ere, itxua batean ez gau ez kantari hitzen arrastorik ez antzeman.

Ama edo amandre bereko bi familiako seme-alabak ditugu. Seme-alabak diogu, hasiera batean behintzat bietako bat Luscinia alaba latinoa sustantibo femeninoa zelako. Hizkuntza askotan transgeneratu den arren, errumanierazko privighetoare ‘zaindaria’ hitzak genero femeninoari eutsi dio. Familia bat indogermanikoa da ingelesa, alemana eta hizkuntza eskandinaboak barne hartzen dituena; bestea -goian aurreratu bezala- latinoa, hizkuntza erromanikoak biltzen dituena. Ingelesezko nightingale hitzean sortu den ikamika bakarra tarteko -in- elementuari buruzkoa da, in-gale ote da (kantu-an) alegia? Edo night-in (gau-ean)? Nolanahi ere, forma zaharrak ez zeukan -n- hori, nightegale baitzen, nighte- hori “gaueko” interpretatu behar delarik. Detaile hori gorabehera, night=gau eta gale=kantu elementuak garbiak dira. Bestelako zertzelada eta ñabarduretako Rydwlf Baúrgstrull-en lan interesgarria dugu eskura. Zehaztasun gehiagorik aipatuko ez dugunez gero, har ditzagun aipatu lanetik beste hizkuntza germanikoetako adibideak: alemaneraz Nachtigall, nederlanderaz nachtegaal, norvegieraz sørnattergal edota suedieraz Sydnäktergal.

Aurkeztu dezagun orain, bada, familia latinoa. Luscinia dugu erromatarrek txori honi ematen zioten izena, izendapen zientifikoan, ohikoa denez, gordetzen dena: Luscinia megarhyncos, lehengo Philomela luscinia mitikoagoaren ordezkagarri. Gogora dezagun, laburkiro bada ere, Philomela, Progne bere aizta eta bera bortxatu zuen Tereo bere koinatua, urretxindor, enara eta argioilar bihurtu zituztela jainkoek beraien arteko mendekuei amaiera ematearren.

Izenaren bigarren partea cinia da, cano ‘kantatu’ hitzarekin lotua. Gogora dezagun Juan María de Pertikaren Avés Cánoras del País Vasco liburu interesgarriaren tituluko cánora hitza. Latinezko cano hau galan indogermanikoaren familiartekoa da, jakina, nightingale eta luscinia senide egiten dituena. Zalantzak, ordea, bestetik datozkigu. Zer ote da hasierako lus- hori? Hipotesi ezberdinak haizeratu dira, clus ‘famatu’ (Ch. T. Lewis & Ch. Short, 1876), luges ‘atsekabe’ (Ernest W. Martin, 1914), luxus ‘dislokatua’ (P. Shorey, 1902) edota lux ‘argia’ (Johann Ch. Adelung, 1811) identifikatu nahi izan dira elementu “ilunaren” atzean. Indar handien bildu duen azken hipotesia, lux hitzarekin lotzen duena alegia, aldi berean ahulena ere bada. Izan ere, kontrakoa espero genuke, argia ez baina iluna. Lux hori egunsentikoarekin edo ilunabarrekoarekin identifikatu nahi izateak ezer gutxi konpontzen du eta bai dena alferrik nahasten. Gure aez den esparrua bada ere, intrusoarena egiten ausartu gara beste behin ere. Ez ote da noctis elementua lus lausotuaren atzean dagoena? Horrela balitz nightegale – *noctisciniagau-kantaria ekuazioa bete-betea litzateke, bestela ezin litekeen bezala. Burutazio bat frogatze aldera egin beharreko lehendabiziko urratsa aldez aurretik postulatua den bilatzea da. Bilatu eta aurkitu ere; susmo zuzena zen, horratik. “Lat. Luscinia for *nuscinia, i. e. *noctis-cinia “nightingale”” idatzi zuen Hermann Collitz-ek, August F. Pott aipatzen duela, (Oriental Studies, 1894) lan interesgarri bateko bazter-ohartxo batean beste etimologia bateko n > l fonetismo bera ilustratzearren. Gogora ditzagun, bidenabar, gure narru-larru, neurri-leurri, ilar-inar, nasai-lasai, e.a. Lehenago, 1875ean, lantxo bikain batean T. Hewitt Key-k (The Journal of Philogy, vol. VI, 1876), Aelius-en nusciciosum eta Ulpian-en Luscitionem forma banatan inspiraturik, *nuc-is-cin-ia postulatua zuen, deblauki ondorioztatzen zuelarik: which corresponds in the three parts with night-in-gale”.


Forma latinoaren eta germanikoaren arteko ahaidetasuna ezarrita, zer egin behar dugu orain euskarazko gure urretxindorrarekin. Oraingo bidea errazagoa da, nahiz eta ez den guztiz ibilia. Abiapuntua, aurrera dezagun, ez da luscinia, honen txikigarri bat baizik: lusciniolus. Hortik dator, bistan denez, lehen kontsonantea galduta usignolo italiarra. Beste bide batetik losseignol frantses zaharra, eta l- > r- emanda: rossignol frantsesa, rosinhol okzitanoa, rossinyol katalana, rouxinol portugesa, e.a. Hona iritsita, inguruko beste hitz inbidiagarrien presentzia ezin luzaroago ezkutatu. Okzitanieraz eta katalanez roge, roig hitzaren “kutsadura” susmatu daiteke, eta espainolezkoa ruiseñor hitzean kutsadura bikoitza Ruy pertsona izenarena batetik eta señor hitzarena bestetik. Nondik ote dugu, baina, euskarazko urretxindorra? Zuzen eta artez rosiñol frantses-okzitano-katalanetik, horixe adierazten baitute grafia ezberdinek. Iparraldean erresiñol, erresiñul eta latinaren jatorrizko txikigarria eutsi nahirik edo, erretxinoleta. Iparraldetik Hegoaldera igarotzean, berriz, espaiñolean bezala, kutsadura kutsaduraren gainean. Lehenengo elementurako urre hitza gurutzatu zen bidean, goian seinalatu roge, roig horien antzera, txoriaren kolore arre gorriztarengatik urrean.


Urretxiñola dugu, gainera, Euskal Herriko inoizkorik urretxindorrik famatuena: Kepa Enbeita bertsolari bizkaitarra. Izen horri harroegi zeritzola eta, Argentinara joana zen bere anaia Imanol “Garbinairi” ematen zion, berarentzat Txindor apalagoa gordetzen zuen bitartean. Haren ezizen askoren artean Txindor-kumia eta Txindor gaixua ikus ditzakegu. Azkenik, zergatik ez dakigula, Urretxindor ezizena egokitu zitzaion, berak bere bertsoetan, baita bere seme balentinek ere, beti urretxiñola erabili bazuen ere. Aita Donostiak laster argia ikusiko duten bere etnografia koadernoetan urretxiñola aipatzen den 1938ko hiru bertso jasotzen ditu Txindor-kumia, Baigorri eta Minkor ezizenez sinatuak, erratzeko arrisku handirik gabe Kepa Enbeitari lepora geniezazkiokeenak. Honen bertso bat ekarri dugu hona, 1915. urtean Euzkadi aldizkarian argitaratua eta handik urte askotara Xalbador Enbeitak kantatua:


Ene anai Urretxiñola

Ni enok zozo, ez birrigarro,

Eztakit, ba, abesten oik baizen arro.

Eztirudit, ba, kuku ez miku,

Txindor bat baiño anka ta piku.

I az, ba, txori,

Urretxiñol ain ospetsu ori!

Eta ni, barriz, nok txantxangorri.


Urretxindorraren semeak, Balendin Enbeitak, bestaldetik, Uztapideri eskainiko zion aitaren titulua, Uztapide txapeldun 1964ko bertsoan:


Nik Uztapide ezautu neban

bertso kantari beñola,

bertsolari lez onena zala

erri guztiak diñola.

Aundia dogu, baña apala,

ez da arrotuko iñola.

Uztapide da Euskal-erriko

txapeldun urretxiñola.


Urretxindorra bertsolariaz berri zehatzagoak nahi izanez gero Santi Onaindiak apailatu zuen bilduman (Gure Urretxindorra, Ekin, Buenos Aires, 1971) aurki daitezke, eta bereziki Asier Barandikaren tesi doktorala (Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita: Bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian).

Txinolatik txindorrera, Txinatik Txindokira baino bide askoz ere bide laburragoa dago, zinez. Bien bitartean ez dugu espainolezko señor (gero siñor bihurtuta) baztertu behar, gogora bedi bestela Aranzadik Azpeitian bilduriko erruisiñor aldaki salataria. Siñor > txiñor > txindor aldaketak ez du azalpen handirik behar, are gutxiago txindor beste txori baten izena dela jakinik, Bizkaiko mendebaldean besteetan txantxangorria eta beste. M. Desfayesek txinbogorri bat ematen du Behe Nafarroarako, txindor hitzaren etimologia polita izan litekeena, baina biltzaile suizarra ez da oso fidagarria sarriegitan.