Udaberriko bisitari honek, Donostialdeko bragaro eta Lapurdiko zagaro forma misteriotsuak alde batera utzita, izen nagusi bi ditu euskaraz: enara eta elae. Mitxelena forma izen komunaren eta bizkaierazkoaren arteko antzekotasunaz ohartu zen eta *eNala, *eLana etimologia bikoitza proposatu zuen bata eta bestea azaltzeko. Horrela paralelismoa perfektoa zen, metatesi bitxi baina euskaraz ez ezinezko batek azal zezakeen gainerakoa.
Maiuskulaz adierazitako -N- eta -L- kontsonanteak bortitzak (fortis) bide ziren, hau da, -n- eta -l- leunak (lenis) direlakoak ez bezala, bokalartean euskara modernoan -ø- eta -r- hurrenez hurren bihurtzen ez direnak. Enara eta elae jatorri beretik eratorriak izateko postulatu beharreko metatesian, bada, kontsonante sudurkaria eta albokariak ezezik, ezaugarri artikulatorio bat ere lekua trukatzekoa da. Hau da, ez dugu *eNala - *elaNa (edo *eLana - *enaLa) parea, artikulazioa bortitzak bigarren silabako berezko egonguneari eutsiko bailioke. Kontu tekniko eta zail xamarra da hau, baina garrantzi handikoa, berebiziko erronka.
Mitxelenak ez zuen, hala ere, Eibar inguruko ernara forma ezagutu edo modernotzat hartuta berariaz baztertu zuen. Ez dago dudarik zuzen jokatu zuela maisu gipuzkoarrak, ernara hori oso forma lokala baitirudi, lehenengo begi ukaldi batez behintzat. Izan ere, forma modernoak zaharretatik bereiztea da linguistika historikoan diharduenaren lehendabiziko ataza, hautsa lastotik bereiztea, alegia. Kontua da, eta ez nolanahikoa, gure eskualdean eta Aramaioraino behintzat, elae ez dela elae erlae baizik. Datu honek bertan behera uzten du ernara aldakiaren lokalismoa eta area zabal xamar bat definitzen du erna-, erla- formetarako, hasierako ustezko lokalismoa balizko arkaismoa bihur dezakeena.
Dardarkari intrusoa kontsonante bortitzaren ondoriozkotzat hartzeko tentazioa izan genezake, baina irtenbide hori, nik dakidala, ezezaguna da eta azken finean obscurum per obscuribus azaldu nahi izatea. Beste tentabide bat erne edo holako beste hitzen baten kutsadura postulatzea izan liteke, baina oso ahula izateaz gainera, horekin batera erle bat edo postulatuko beharko litzateke gure eskualdeko formarako, are bideragaitzagoa suertatzen delarik aukera hori.
Zein da, bada, forma “erronkari” horren esplikazioa edo jatorria. Forma bera baino are erronkariagoa eta probokatzaileagoa izan daitekeen hipotesi bat luzatzen ausartuko gara. Ingelesez swallow da gure enara, eta svala hizkuntza eskandinaboetan. Svala-tik (are gehiago esbala entzuten badugu) *ernala-ra ez dago bide oso luzea, malkartsua dela onartu behar dugun arren. *Ernala honen jatorrian *esnala egon liteke, arnasa hitzarenean asnasa (< hats-nasa) dagoen bezala. Kontua da arnasa hitzean, eta ez *ernala hipotetikoan, disibilazioaren eragile garbia dagoela, hau da hitz berean bi ziztukari batera saihesteko joera. Ez dugu uste, hala ere, hau eragozpen gaindiezina denik. Izan ere, badira s /n alternantzia hori erakusten duten bestelako adibideak. Erne eta esne hitzak, adibidez, erro berekoak direla ematen du, esna egon / erne egon bikotean erraz antzeman daitekeen bezala.
Zailtasun hori gaindituta, *esnala eta *esbala edo *eswala (< svala) lotzeak ez dirudi hain probokatzailea, oraindik orain zer esplikatua badago ere, baina baita euskarazko -sn- eta indouropeoko -sw- talde egongaitzetan zer arakatua ere.