Argioilarra, basoilarra, kukurosta eta marti(n)- edo martxoilar dira gure txori gandurdunak dituen izen nagusiak. Basoilarra izen argia da, Bizkaian erabiltzen duguna da, baita Basauri eta inguruetan ere. Batzuetan Tetrao urogallus izendatzeko ere balio du izen honek, Imanolen Iratiko argioilarra kantan bezala.
Argioilar izena, haatik, argia ez baina guztiz da ilun eta misteriotsua. Arbi- eta erbi- moduan ere ikusi dugu inoiz, arraroa ez diren diren bariazioak jasota. Ez digute aldaki txiki hauek ere argi gehiagorik ematen.
Beste hizkuntzetan izen onomatopeikoak ditu maizenik, pu-pu-put oso kantu bereizgarria baitu argioilarrak. Izen horiek sarritan ‘ustel’ esanahiko elementuren batek aldaraziak edo kutsatuak dira, katalaneraz eta alemanieraz gertatu bezala. Izan ere, horrexen fama du argioilarrak: hats txarreko txoriarena, defentsa moduan ixurki hats ustelekoa botatzen baitu, bere habia zikin-zikin eduki uste izateaz gainera.
Tereo Traziako heroeak bere koinata Philomela bortxatu, mihingaina moztu eta giltzapean ezkutatu zuen. Procnek, Philomelaren ahizpa eta Tereoren andrea zenak, dena jakin zuen azkenik eta bere semea Itis hil zuen ahizparen laguntzaz berau mendekatzeko. Jainkoek argioilar bihurtu zuten Tereo, gerrarako gandurra eta borrokatzeko moko luze batez horniturik; eta ahizpa biak enara eta urretxindor hurrenez hurrez.
Gandur hori da txori honen beste ezaugarri nagusienetako bat, euskaraz kukurosta izena eman diona, espainolez cucullo edota cucuyo, eta frantsesez huppe… baina berriro ere argioilarra izena argitzen ez diguna.
Argioilarraren argia argia baino ez baldin balitz, zer argi ote litzateke, bada, hegazti honek lekarkigukeena? Orotariko Euskal Hiztegian Argi sarreraren barruan sailkatzen da argi-oilarra. Horrek Orixeren Euskaldunak poemarioko Iruleak kantako argi-oilar forma azaltzeko balioko luke, hiztegiak huts egin gabe jaso bezala. Nekez azaldu daiteke, ordea, zergatik apelatibo hori txori honi eman behar zitzaion eta ez tradizioz egunsentiko hegaztia den oilarrarari berari.
Euskal folklorean ez dugu ezer aurkitu, behinola argioilarrak eduki zezakeen garrantzia eta presentzia honezkero galdua baitu gure artean. Guretik kanpo, alabaina, mitoz eta sinestez beteriko txoria dugu, modu batera edo bestera argiarekin lotu dezakeguna.
Urrutiko mitologia horietan oinarriturik, argi hau azaltzeko zenbait hipotesi luza genezake. Transparentziaren argia izan liteke, bere gandurra orrazteko darabilen argizko orraziarena, Salomon erregeak eman ziona, tximistetan inork baino lehenago hauteman dezakeena edo buru gainean eguzkitik ekarri zuena. Ekialde hurbiletik datozkigu sineste hauek gehienak, gogora bedi argioilarra hegazti garrantzitsua Koranen eta pertsonaia nagusia Aristofanesen Hegaztiak komedian. Israeldarren artean ere badu argioilarrak berebiziko garrantzia, 2008az geroztik, euren estatuaren 60. urtemuga ospatzeko hegazti nazionala da, hauteskunde prozesu luze baten ondorioz. Bigarren bueltarako aurkezten ziren 10 hegaztien artean botoen %35 jaso zuen argioilarrak.
http://www.tsgcs.co.uk/elsom/SP06-H01-05-06.JPG
Guztiarekin ere, urrunegiko argiak dira hauek guztiak, ezinbestela atzera etxera bidean jarri behar gaituztenak. Internetetik korritzen duen eta jatorria ezagutzen ez dugun testutxu batean irakurri dugun berri batek diosku “Alpeen iparrean, Erdi Aroan argioilarra errotua zela, artaldeekin batera”. *Ardi-oilarra izan liteke, bada, gure basoilarra? Hau ere, beste datu lagungarririk ezean, urruneko eta indar gutxiko hipotesia begitantzen zaigu.
Martinoilar izena hartu zuen Bonapartek Atharratzen eta martioilar Behe Nafarroan eta Jundane martine-oilar Zuberoan Desfayesek, Labayruk eta Aldazek jaso marcho-oilar formari gainerakoak. Nafarroan, Gares eta Oltzan gallito edo gallita de San Martín bildu zuen Bonapartek, Elkano eta Goñin basollo eta basollar jaso zituen bitartean. Kasu honetan ere, nekez atera liteke argi- marti elementutik.
Etxean, Galdakaon, Padrolatik Santamarinarantza, badago bertakoek Arbisili deitzen dioten landa bat, herri basoa izandakoa. Arbizelai zela pentsatu izan dugu denbora luzez, harik eta 1799ko dokumentu batean Arginzelai ikusi dugun arte. Toponimoaren etimologia 1852ko beste dokumentu batek berretzen digu, bertan herriko harrobia zegoela gaztigatzen baitigu. Harginaren zelaia da Galdakaoko Arbisili, zalantzarik gabe. *Hargin oilarra izan liteke, bide edo gisa bertsutik, gure argioilarra?
Baiezkoa pentsatzeko arrazoiak bat baino gehiago dira. Batetik, moko luzea du, askotan kokarren bila ari dela lurraren kontra astintzen duena. Harginek erabiltzen duten pikotx bati esaten zioten upupa erromatarrek eta abubilla espainolek, argioilarraren mokoarekin daukan antzarengatik. “quasi patriciis pueris aut monerulae, aut anites aut coturnices dantur, quicum lusitent, itidem mi haec advenienti upupa” dio Captivi komediako Tindarok esklabo kautiboak kexuz, beste umeei jolasteko jarritako belatxinga, ahate eta pospolinen ordez berari lan egiteko “upupa” eman diotelako. Hitzaren zentzu bikoitzarekin jolasten du Plautok, komedietan ohi zen bezala.
Argioilarrak astinketa biziz mugitzen duen moko pikotx hori sinbolo falikoa ere bada, horrela da Valentziarren palput-a, esaterako, wikipedian irakur dezakegunez. Moko hori, mihingainaz eta hegorik luzeenaz eskuin izterrean loturik berealdiko indar sexuala ematen omen zion gizonari, Al-Durayhim-ek Mila formulen kodizean idatzi zuenaren arabera.
Bestaldetik, argioilarrak leku bitxietan egiten du habia, urtero leku ezberdin batean egin gainera. Zaldi baten kaskezurrean, usteltzen ari zen pertsona baten bularrean, hilobien inguruetan, zuhaitz eta hormazuloetan, baita sarritan harri piloetan ere. Extremaduran cuco de majano izen interesgarria ematen diote argioilarrari, Sociedad Albacetense de Ornitologíako Domingo Blasco Siderak idatzi duenez. Cuco sineskera zahar baten erruz kukuarekin nahasten delako batetik, eta majano ‘harri piloa, armora’ esanahia duelako hitz honek. Hemendik ere etor lekioke harginaren kalifikazioa, mokoa harginaren pikotxarekin identifikatzea erraztu bide zezakeena.
Argioilarra harginez jantzi zaigun honetan, ezin gomutara ekarri gabe utzi israeldarren legenda bat. Salomon erregeak Tenplu Santua eraiki nahi zuen baina debekatua zioten harri bloke handiak ebakitzeko altzairuzko tresnarik erabiltzea. Salomonek Ashmedai (Asmodeus) demonioa aurkitu zuelarik, honek esan zion shamir harrak bestek ezin zezakeela harria ebaki eta argioilarrak bestek ezin zezakeela shamir harra eraman. Salomonek argioilarraren kargu utzi zuen shamir harra eta horrela altxatu zen Tenplua. Shamir harra ebakitzeko lanabesen diamantezko erpina izango litzateke inondik inora. Horiek horrela, mendi-zizelkaria edo mendiaren arotza, jatorriz nagar tura Onkeloseko Targumean. Arameo hizkuntzara aldaturiko Israeldarren Tora biblia hebreoa da Targum, eta Onkelosekoa da itzulpen horietatik nagusiena edo ofiziala. Aurrekoaren elezaharraren beste bertsio batek kontatzen du argioilarrak berak ebakitzen duela harria mokoaz eta mokoa hausten bazaio gandurraz baliatzen dela zeregin horretan jarraitzeko.