BADATOZ ATZERA ERE ERLAIAK

Hasi dira agertzen aurten ere erlaiak eta erlai baltzak. Momentu ona hegazti etxetiar hauen izenaren jatorriaz aspalditxoan idatzitakoa gaurkotzeko. Aurreko sarreran akats potolo bi bazeuden eta horixe baino ez dugu ikutu oraingoan.

2010eko azaroan Eusko-Ikaskuntzak antolaturiko III Jornadas de Lingüística Vasco-Románica burutu ziren Bilbaon. Bertan azaldu nuen, korrika eta hala moduz, blog honetan aurreratu nuen hipotesi etimologikoa, modu landuxeagoan, "El vuelo de la cigüeña: un viaje vasco-germánico a través del latín" izeneko komunikazio batean. Azkenik, ez nuen komunikazioaren testua argitaratzeko eman eta ez da, beraz, kaleraturiko aktetan agertzen. Enara-elaearen izenarena zeharka eta presaka aipatu nuen, baina germanieratiko mailegutzaren testuinguruaz kontu argigarriak mahairatu nahi izan nituen, horixe baita egun holako etimologia bat planteatzeko lehendabiziko oztopoa. Elaearen izenaz nioena gutxi gorabehera hauxe zen: svala eskandinabotik eta euskarazko ernara formaren arteko bidea ez dela ez luzeegia ez malkartsuegia ere. Laburki, honakoxea postula liteke:

swala > *sbala > *smala > *esnala > ernara > enara

Germanikoz daukaguna glide bat da, edo bi hobeto esanda; nahiz eta euskarazkotik hurbilena dirudiena, svala forma grafikoan ageri zaigun. Ingelesez swallow, alemanez schwalbe, eta abar ditugu.

Euskarak, jakina, arrotza baitu -sw- multzoa bere sistemara egokitu beharra dauka. Soluzioetariko bat wau soinua kontsonantizatzea dugu, *gauongabon edo, hobeto, *erawan > eraman kasuan bezala. Beste aukera bat, bizkaieran eman dena *erawan > *eraoan > eroan, dugu, artikulazioa indartu beharrean ahulduta. Zenbait dialekto eskandinabotan, paraleloki, svala, svalu > sala, salu soluzioak ere baditugu. Akaso azkenengotik azal liteke Donostialdeko zagaru misteriotsua. Soinu ezpainkariaren kontsonantizazioa, (w > b, m alegia) euskararen barruan eman zitekeen, baina baita germanikoan bertan ere. Izan ere, schwalbe dugu alemaniera modernoan, eta ez dira falta eboluzioa aurrerago eraman duten formak ere: schmierbel, schmirwel  (Luxemburgo), schwalm(e) (Silesia, Behe-Silesia).

*-sma- > *-sna- aldaketa ere, edo alternantzia behintzat, ez da paralelorik gabekoa. Hortxe dugu, esaterako, susma / usna. Ez dugu pentsatu behar primarioa denik baina Irunen emara 'enara' entzun omen zitekeen.

Azken pausua errotazismoa dugu, blogeko aurreko sarreran idazten genuen bezala, asnasa > arnasa hitzarena kasu. Aldaketa ondo testatua da euskaraz, baina badirudi disimilazioa dela eragile funtsezkoa, bi ziztukariren presentzia, alegia. Badira, alabaina, disimilaziorik gabeko kasuak ere, eta ez genuke beste hitzen baten kutsadura baztertu beharko. Izan ere, ermitario 'apus apus' eta halako formak ez dira falta, enararentzat edo honekin lotzen den eta izena partzuer izaten duen sorbeltz edo enara beltzarentzat ere. Ez dugu ahaztu behar txori izenetan herri-etimologia, kutsadura, gurutzamenduak eta imajina daitezkeen elkarrenganako eragin guztiak oso ohikoak direla. Aipatu ermitario horrek, esaterako, bentzejo > bentzario> ... > ermitario bidea egin du azkenik, eliza-ermitetako torreetan egoten direlako. Hegan dakitenez gero, badirudi fonetikaren gainetik dabilzkigula batzuetan txoriak.

Enarekin batera aurten, beren izenerako beste etimologia bat ere etorri zaigu, Ander Egurtzegi eta Borja Ariztimuñoren hegalpekoa. Biak, Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarrean bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen 2012ko urrian Gasteizen, nahi baino azkarrago, ordea. Blogekoa nirea ote zen galdetu zidaten orduan eta nik ezetz, aipatu Jornadas Vasco-Románicas-etan aurkeztua nuela eta baten batek ideia hartu eta bere blogean jarriko zuela esan nien, momentu batez ia bi urtez ikutu gabe izan nuen blog hau ahaztuta. Enaren ezaugarri bat, zikoinekin konpartitzen dutena, urtero-urtero bidaia luze baten ondoren habia aurreko urtean non jarria zuten gogoratzeko ahalmena da. Nik, egunen batean, bidaia luzerik egin gabe ere, ez dut etxera bueltako bidea topatuko!!

Etimologia interesgarria planteatzen dute Anderrek eta Borjak (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", XLV-1, 2011. Zorionak eta eskerrak bide batez, Anderrek aldizkari berean argitaratu duen metatesiari buruzko lan paregabearengatik), abiapuntua nirearen bertsua duena. Izan ere, bata eta besteok konturatuak ginen Mitxelenak planteatzen zuen metatesi bat bitxiegia zela eta azalpide errazagoa behar eta eduki bazuela. Berak señalea > selañia bezalakoak aipatzen ditu, *eNala > *eLana bilakaeraren frogagarri. Ez zaizkigu holakoak arrotz egiten, artxiboetan llena, lleña < leña eta holakoak sarri ikusita baikaude. Ez dakit grafia horien atzean zer ote dagoen (euskaldunek kontsonante konbinazio horiek ahoskatzeko zailtasuna edo eskribauen bestelako dudak), baina Mitxelenak planteiatua dakarkigute gogora.

Abiapuntuan bat gatoz, bai, baina haiek latinezko hirundo formaren *hirundella txikigarri batetik azaldu nahi dute euskarazko formak azalduko lituzkeen *irnela bat, gure *ernala-ren parekoa. Planteamendu polita da eta ateratzen dituzten ondorio metodologiko batzuk zuzenak eta interesgarriak.
Enarek aukera dezatela bidea; gu, bien bitartean, nor bere bidetik, geurea fintzen saiatu beharko gara, bidean bat egin dezakegu. Ockhamen labanaren ahoari utziko bagenio kontua ebazten esango nuke sinpleagoa dela urrutiko maileguarena, eta konplexuagoa hurbilekoa. Batak ondo argudiatu beharko du urrutiko bidaiarena eta konplexutasun fonetikoarena besteek.

Hauxe laburki eta gehientsuenok ulertzeko moduko kaleko hizkeran ia, ohantzetik aurreratu nahi izan dudana. Orain, lanean jartzea tokatzen zaigu.

Ander Ros